Traña-Matiena Eskolaren hezkuntza eskaintzak Haur Hezkuntza, 2 urtetik 6 urtera, eta Lehen Hezkuntza, 6 urtetik 12 urtera, barne hartzen ditu. Eskaintza hori osatzeko, eremu berean daude kokatuta Haurreskola eta Abadiñoko Institutua. Lehena 0 eta urte 1eko mailak hartzen dituena, eta, bigarrena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duena (12 eta 16 urte arteko ikasleentzako).
Haur Hezkuntzako etapan gure helburua, familiekin elkarlanean, ikasleen garapen osoan laguntzea da, eta, era berean, Lehen Hezkuntzara bidean, oinarrizko konpetentziak lortzeko zimenduak finka ditzaten.
Lehen Hezkuntza, Oinarrizko Hezkuntzaren etapa bat da eta derrigorrezkoa da. Aurreko etapan hasitako prozesuari jarraipena ematen zaio, hau da, ikasleen gaitasunen garapen integrala eta oinarrizko konpetentzien lorpena, hurrengo etapetan eta bizitzan zehar baliatuko dituztenak.
Konpentzentzien lorpenaz gain, eskola inklusiboaren planteamenduan oinarrituta, ikasleen aniztasuna kontuan hartzen dugu eta ikasteko zailtasunak detektatu eta lantzen. Gainera, tutoretzen bidez eta familiekiko harremanen bidez, ikasteko giro egokia eraikitzen dihardugu.
Une honetan ikastetxearen Hezkuntza Proiektua garatzeko prozesuan bagaude ere, honako hauek dira Traña-Matiena Eskola gaur egun definitzen duten printzipio edo ezaugarriak:
Ikastetxe euskalduna, euskara eta euskal kulturaren aldekoa, curriculumeko gainerako hizkuntzak ahaztu gabe.
Bere ingurunean sustraitutako zentroa, naturaren errespetua eta zaintza lantzen dituena.
Eremu guztietan ikasleen arteko benetako berdintasuna bultzatzen duen ikastetxea.
Gatazken prebentzioa jorratzen dugu eta eskola komunitate osoaren elkarbizitza sustatzen duena.
Berrikuntza bultzatzen duena, talde lana eta berdinen arteko Ikasketa prozesua errazten duen Ikasketa Kooperatiboa (IK/KI) bezalako egitasmoen bidez.
Eta aspaldidanik ikasketa prozesua lagundu eta hobetzeko Teknologia Berrietan oinarritzen dena.